Eskarola: neguko entsaladen osagai nagusia - Tolosako Azoka

Eskarola: neguko entsaladen osagai nagusia

#Azoka lagunak
Udazken-negu sasoietan ugariak izaten dira eskarolak Azokako postuetan. Baina, oro har, letxugak eklipsatuta bizi den barazkia da, uraza baino mikatzagoa eta gogorragoa delako.

Baina zapore handia du eskarolak eta, gainera, digestioan lagungarria da, oso arazgarria baita, bitaminatan eta mineraletan aberatsa delako. Defentsak indartzeko ere bikaina da.

Eskarola erosketako aukeren artean sartzen ez duen horietakoa bazara, artikulu honek zure iritzia aldatzen lagunduko du, ziur. Eta dagoeneko atsegin baduzu, dastatzeko modu berriak ematearekin konformatuko gara, ea lagungarri zaizkizun gure errezetak.

Bi eskarola barietate

Bi motatako eskarolak aurki ditzakegu Tolosako Azokan. Ohikoena eskarola kizkurra izaten da: hostoen kizkurrek forma bitxiak sortzen dituzte, estetikoki deigarria den landarea sortuz. Ezezagunagoa da, akaso, eskarola leuna: hosto zabal eta lodiak ditu, eta mastikatzerako orduan ere arinagoa da, kizkurduna baino. Baratzean landatzeko bi barietate horien kimuak ere eskuratu daitezke Berdura Plazako postuetan. 

Zergatik estaltzen da baratzean?

Agian konturatuko zinen: baratzeetan zenbait eskarola landareaestalki moduko batekin tapatuta egoten dira. Bada, zergatik egoten diren estalita?

Hostoak mikatzegiak ez izateko egiten da hori. Mikaztasuna arintzeko hostoak zuritzea komeni izaten da, eta horretarako argia kendu behar zaie. Bada horretarako beste irtenbide bat: kanpoko hosto guztiak bildu eta lotzea, motots moduko bat eginez. 

Eta zerekin jan eskarola?

Entsaladak egiteko aproposa da eskarola. Eta, badakizue, entsaladak egiteko moduak ia amaiezinak dira. Guk bi proposamen ditugu zuentzat, guztiak Azokak aurki ditzakegun produktuak erabiliz sortuak:

Batetik, entsalada zitriko bat, eskarola, laranja, mahaspas eta intxaurrak nahastuz. Eta, bestetik, entsalada gaziago bat, gazta freskoarekin, Kantauri itsasoko antxoekin eta mingranarekin –edo granada.

Aukera gehiago ere badaude: baratxuria, pipermorroak… Erabili nahi duzuna!