Udaberri-garaia puri-purian dago jadanik, baina lore-festa ez da hasi besterik egin. Urteko lehen egun epel eta eguzkitsuek lore goiztiarrenak ireki zituztenetik, asko izan dira loretu diren landare eta zuhaitzak (ikusi, bestela, sagarrondoak nola loretu ziren). Loratze horren arrazoi nagusia landare eta zuhaitz horien ugaltze-prozesua da, eta prozesu horretan erleen eta beste hainbat intsekturen lana ezinbestekoa da.
Erleak eztia produzitzen duten intsektu txikiak baino askoz gehiago dira; izan ere, erlauntzetatik gertu dauden lursailetan landareak polinizatzeko ardura dute, eta horrek biodibertsitatea hobetzen laguntzen du. Prozesu honek haziak ernetzea eta fruituak haztea ahalbidetzen du, hau da, erlerik gabe ez litzateke elikagairik egongo.
20.000 erle-espezie ezberdin baina gehiago existitzen dira munduan, baina Euskal Herrian badugu gure erle-espezie autoktonoa, Erle beltza (Apis Mellifera familiakoa). Azken urteotan erle beltzaren banaketa-eremua murriztu egin da hazkuntza-teknika berrien eta kanpoko espezie ezberdinen sarreragatik, baina oraindik ere erle-espezie ugariena izaten jarraitzen du.
Ezinbestekoak dira bada azokan eskuragarri dauden produktu asko hazi daitezen, hala nola sagarrak, tipulak, kalabaza, kalabazinak edota marrubiak. Landare guzti horiek polen askoko landareak dira, lore bizikoak eta erleentzako oso erakargarriak. Badira polinizazio bitartez ugaltzen diren beste landare batzuk ere, piparrak adibidez, baina haien polena ez zaie hain erakargarria egiten.
Biodibertsitatearen eta landareen ugalketarako ezinbestekoak badira ere, erleek polinizazio prozesu hori burutzearen arrazoi nagusia eztia eta bestelako jarioak produzitzeko polena biltzea da.
Duela aste batzuk gure blogean publikatutako artikulu honetan , erleek produzituriko produktu ezberdinak azaldu genizkizuen, jakin dezazuen gainera horiek guztiak Tolosako Azokan eskuratu ditzakezuela.
Beste hainbat bitxikeria erleen inguruan: