Egia al da... merkeagoa dela supermerkatuan erostea azokan baino? - Tolosako Azoka

Egia al da… merkeagoa dela supermerkatuan erostea azokan baino?

#Azoka lagunak
Konparaketa egitera ausartu gara, eta emaitzak harrituko zaitu. Ikusi bideoa azpikaldean!

Beldur pixka bat ematen digu, supermerkatuen mesedetan, azoketara joateko ohitura belaunaldiz belaunaldi galtzen joateak. Honi buelta emateko asmotan gaude bilduta Azoka Lagunen komunitatean.

Gure apustua beti da bertako ekoizleen produktuak kontsumitzearena: garaikoa, bertako (eta antzinako) hazietatik sortutakoa, kalitatezkoa, freskoa, osasuntsua, ezaugarri organoleptikoak mantentzen dituena… Zalantzarik gabe, hitz batean, hobea den produktua kontsumitzearen aldeko apustua. Beste zeharkako balio batzuk ere ukitzen ditu azokan erosteak: Tolosa eta Tolosaldeko biztanleen ekonomia zirkularra sustatzen da, jasangarriagoa da (garraioa askoz ere laburragoa!), … eta, nola ez, gertukoagoa: produktua parez pare duzun eta dagoeneko ezagutzen zaituen pertsona horrek emango dizu, bere irribarre eta aholkuekin.

Egia da astean behin soilik egiten dela azoka Tolosan, baina horrek badu erremedioa: aste osorako erosketa-zerrenda eginda joanez gero, hozkailua eta despentsa beteta izango dituzu ezer gehiago behar ez izateko. Eta azokan postuz postu joanez gero (eta plaza guztietatik nahiz Tolosako saltoki txikietatik igaroz gero), barazkiez gain mota guztietako elikagaiak erosi ahal izango dituzu.

Bada hala ere supermerkatura jotzera eramaten gaituen beste arrazoi (edo kasu honetan mito) bat: saskiaren prezioa. Egia al da supermerkatuan erostea azokan erostea baino merkeagoa dela? Bada, konparaketa egitera ausartu gara, eta emaitzak harrituko zaitu. Ikusi bideoa:

Azokan jatorria bermatuta daukagunez, konparaketa modu egokian egiteko asmotan supermerkatuan ere bertako jatorria duten barazki eta produktuak topatzen saiatu gara; nahiz eta batzuetan (tipulina eta piparren kasuan adibidez, Almeriakoak baitira; bainak, Marokokoak) ez dugun lortu.

Hona hemen prezioen konparaketa:

Produktu berdinez osatutako erosketa hauen kasuan, azokako saskiaren prezioa supermerkatukoarena baino %18 baxuagoa izan da (3’77€). Urteak 52 aste dituela kontuan hartuta… atera kontuak!

Eta gogoratu astez aste, azokako prezioak eguneratzen ditugula: egin klik hemen lehengo asteko azokako prezioak ikusteko.

Argi dago bereaz azokak abantaila duela jatorrian, kalitatean, gertukotasunean eta prezioan. Zer gehiago behar duzu datorren larunbatean gure postuak bisitatzera etortzeko? Poz pozik hartuko zaitugu!