D Bitamina gure azokako poltsan: 4 elikagai hauekin eskuratuko dugu - Tolosako Azoka

D Bitamina gure azokako poltsan: 4 elikagai hauekin eskuratuko dugu

#Azoka lagunak
D bitaminari “eguzkiaren bitamina” deitzen diogu normalean. Izan ere, bitamina hau gure gorputzean sintetiza daiteke eguzkitan jartzen garen bakoitzean. Eguzkiaren argiarekiko esposizioak D bitaminaren %90 inguru ematen du. Beste %10a, elikagaien bitartez jaso beharko dugu. Baina zer gertatzen da udazken-neguan, edo aire librean denbora asko pasatzen ez dugunean? Ba hori: D bitamina falta zaigula.

Guztioi gomendatuko genizueke egunean behintzat ordu laurden bat aire librean (kalean, mendian) igarotzea. Zer esanik ez larunbatetan gu bisitatzen bagaituzue! Mugitzea baino gauza osasuntsuagorik ez da. Baina bitartean, goazen D bitaminak dituzten elikagaiak bilatzera!

Ezer baino lehen, garrantzitsua da hau argi uztea: barazki eta fruituek ez daukate D bitaminarik. Arrazoia oso sinplea da: bitamina hau elikagaien gantz-zatietan dago (grasan), eta barazkiek eta frutek ez dute gantzik. Beste propietate asko dituzte, besteak beste, bitamina-aberastasun handia, baina D bitaminarik ez. Hain zuzen, egunean 2 edo 3 fruta-piezarekin bete ditzakegu gure gorputzaren C bitamina eta A probitamina beharrak.

Orduan, azokako zein produkturekin lortu dezaket D bitamina? Aurrerago kontatuko dizugu. Elikagaien zerrendarekin sartu aurretik, beste pare bat kontu: 

Zertarako D bitamina?

Bitamina honek gorputzari kaltzioa xurgatzen laguntzen dio, eta substantzia hau oso beharrezkoa dugu hezurrak sendo mantentzeko.  Baina hezurrak eta hortzak osasuntsu mantentzen laguntzeaz gain, garuna, bihotza eta beste organo batzuk ere zaintzen ditu. Baita animoa ere! Muskuluek mugitzeko ere beharrezkoa dute; nerbioek berriz, garunaren eta gorputzeko beste atal batzuen artean mezuak transmititzeko; eta inmunitate sistemak, bakterioei eta birusei aurre egin ahal izateko. 

Nola nabarituko dugu D bitamina falta zaigula?

Sintomarik argiena ahultasuna da: gehiago edo azkarrago gaixotzen garela nabarituko dugu (katarroak, gripea), nekatuta sentituko gara egunerokotasunean, giharretako edo artikulazioetako mina, migrainak, buruko mina izango ditugu, eta tristeago ere sentitu gaitezke, depresioa izateraino.

Sintoma hauei aurre egiteko D bitamina 3 modu ezberdinetara hartu ahal izango dugu: azalaren bitartez (Eguzkia), elikagaiekin, edo gehigarriekin (ez da komeni osagarriak erabiltzea, baldin eta ez bada soilik osasunaren arloko profesional batek gomendatuta, D bitamina gehiegi izateak nahi ez diren ondorioak sor baititzake).

Azokan eros ditzakegun eta D bitamina ematen diguten 4 elikagai:

  • Almendrak edo intxaurrak: fruitu lehorrek onura asko dituzte gure osasunarentzat; D bitamina emateaz gain, gaixotasunak eragozten eta zelulen zahartzea atzeratzen laguntzen dutelako. Kontuan hartu behar da elikagai hauek koipetsuak direla, eta ea zerbait gehiago duten begiratu behar dugula erosi aurretik (gatza, …).
  • Onddoak eta txanpinoiak: D bitamina iturri oso ona dira; gainera, perretxiko basatiek bitamina gehiago dute merkataritzarako ekoizten direnek baino, eguzki-argitan egoteagatik.
  • Esnekiak (osoak): esne eta yogurt osoak nahiz gaztak eta gurinak D bitamina emango digute. Azken bi elikagaiak izango dira bitamina gehien emango digutenak, koipetsuagoak diren heinean (bere alde ona eta txarra). Bertsio gaingabetuak hartzen badituzu, bitamina horrekin aberastuak izan daitezela; D bitamina liposolublea denez, koipean aurkitzen baita.
  • Arrautzen gorringoa: D bitamina kopuru altua du eta erraz sartu ditzakegu gure otorduetan. Hori bai: baserriko oiloen arrautzek D bitamina gehiago ematen dute aire zabalean ez daudenek baino. Hobe da D bitaminaz aberastutako aleekin elikatzen diren oiloen arrautzak erostea.

D bitamina emango diguten elikagai gehiago: arrain urdinak, itsaskiak, txahal-gibela edo untxia…

Produktu guzti hauek, noski, gure larunbateroko azokan topa ditzakezu! Orduan, sartu dituzu elikagai hauek larunbaterako erosketa zerrendan? Zure zain izango gaituzu!