Bruselazak: mokadu batean dastatzeko aza txikiak - Tolosako Azoka

Bruselazak: mokadu batean dastatzeko aza txikiak

#Azoka lagunak
Tira, jatorria Bruselan badute ere, Tolosako Azokan ikusten hasi garen bruselazak ez datoz Belgikako hiriburutik, gure ekoizleen baratzeetatik baizik.

Neguko produktuen sasoi bete-betean gauden honetan, kruziferoak ohikoak izaten dira gure dietan: brokolia, aza, aza gorria, azalorea, arbia… Baina bada ezezagunagoa den beste espezie bat: bruselaza.

XIX. mendean hedatu zen Europa erdialdean, oso ondo egokitzen delako hotzera, baina bere kontsumoa Bigarren Mundu Gerran orokortu zen.

Tamaina txikiko aza-barietatea da, landarearen zurtoinetan sortzen dena. 2 eta 5 zentimetro arteko diametroa duten hosto geruza askok osatzen dute. 

Benetan elikagarria da bruselaza, zuntz askokoa. Aberatsa da A, B eta C bitaminetan, eta azido foliko, potasio, fosforo eta iodoa ere baditu. Neurri txikiagoan, berriz, burdin minerala, sodioa eta kaltzioa. Egokia da immunitate-sistema zaintzeko eta anemiari aurre egiteko. 

Ez zaizkizu gustatzen, ala gehiegi egosten dituzu?

Bruselazak egosita, lurrunetan edo salteatuta egin daitezke, eta haragi, hestebete, urdaiazpiko edo txanpinoiekin laguntzeko aproposak dira. Lurruna da ezaugarri elikagarriak mantentzeko erarik onena, nahiz eta zertxobait mingosten diren. 

Egia esan, zapore intentso xamarra dute bruselazek, eta bada gustatzen ez zaizkiola dioen jende ugari. Gisa honetako zaporeetara ere ohitu behar, ordea!

Dena dela, berez zapore gozoa dute barazki hauek, baina gehiegi egosiz gero, sufredun konposatuak askatzen dituzte eta minotsak bihurtzen dira. Hortaz, baliteke, sukaldatzeko eran izatea gakoa, zaporean beharrean… Orduan, emango diezu bigarren aukera bat?