Tomate eta piparrak Montesen baratzan - Tolosako Azoka

Tomate eta piparrak Montesen baratzan

#Azoka lagunak #Ikastaroak
Azken astean gure inguruan izan den udako eguraldi ona aprobetxatuz, joan den astelehenean Ibarrako Montes baserriko baratza bisitatzeko aukera izan genuen. Bertan, bisitan izena eman zuten Azoka Lagunek larunbatero Berdura Plazako postuko mahaietara iristen diren produktuak nondik datozen ikusi ahal izan zuten.

Eguzki distiratsua tarteko, joan den astelehenean, hilak 19, Azoka Lagunak ekimenak sustatutako beste ekitaldi batera gerturatzeko aukera izan genuen. Oraingoan, izena ematea erabaki genuen Azokaren Lagunok Ibarrako Montes baserriko baratza bisitatzeko aukera izan genuen. Bertan, era hain arduratsuan lan egiten duen Patxi Izagirre bisitatu genuen, Arantxa Iparragirre emaztearekin eta Joseba semearekin batera.

Ibarrako erdigunean dagoen Montes baserrira iritsi bezain laster, Arantxak jaso gintuen. Hilabete gutxi barru Tolosako Azokara iritsiko diren loreak nola prestatzen eta ereiten zituen erakutsi zigun lehenik, eta jaso berri zituen tomateak ere erakutsi zizkigun (itxura ikusgarria zuten, eta larunbat honetan Berdura Plazan duten postuan erosi ahal izango dituzue).

Arantxak tomateak erakusten zizkigun bitartean, Patxi iritsi zen, eta barazkiak urratsez urrats nola landatzen dituzten erakutsi zigun, ereitetik hasi eta nola biltzen dituzten azalduz. Patxik kontatu zigunez, euren baratzean 0tik hastea gustatzen zaie, aire zabalean nahiz negutegietan landatzen dituzten barazkiak ereiten.

Josebak, Patxiren semeak eta Arantxak, ereintza arintzeko erabiltzen duten makinak nola funtzionatzen duen erakutsi zigun, makina hura erosi aurretik dena eskuz egiten baitzen, banan-banan. Italiatik ekarritako makina hark haziak zuzenean sartzen ditu ereite-kutxetako lurrez betetako zulotxoean, ondoren ur mordoarekin ureztatuz. Azken urratsa erein berri diren haziak bermikulita izeneko materia bizigabearekin estaltzea da, hezetasuna mantentzeko eta landare-kimuak sortzea errazteko.

Urrats horren ostean, Patxik negutegian dituzten barazki ugariren kimuak erakutsi zizkigun: mota guztietako letxugak, brokolia, azalorea, eskarolak… Kimu horiek dira ondoren baratzean landatzen dituztenak, baina larunbatetako postuan ere eros daitezke, bere horretan ere saltzen baitituzte, gutako bakoitzak gure baratzetan landatu ahal izateko.

Bisitarekin jarraituz, eta amaiera emateko, sasoi betean dauden produktuak nola hazten eta biltzen diren ikusteko aukera izan genuen, hala nola aipatu ditugun tomateak, lekak, kalabazinak, piper italiarrak eta, nola ez, Ibarrako Pipar ospetsuak.

Gainera, bitxikeria gisa, Patxik esan zigun egun hauetan baratzean landatzen ari diren lekak denboraldi honetako azkenak izango direla; izan ere, tradizioak agintzen duen bezala, azken lekak igande honetan, uztailak 25, ospatuko den Santiago eguna baino lehen landatzen dira beti. Aipatzekoa da, halaber, Ibarrako Montes baserrian landatzen dituzten Ibarrako Piparrak Eusko Label zigilua duten piperminak direla, eta eskuz jasotzen direla.