BAI! Babak jateaz gain, lekak ere jan ditzakezu - Tolosako Azoka

BAI! Babak jateaz gain, lekak ere jan ditzakezu

#Azoka lagunak #Baratza #Produktuak
Normalean baztertu egiten ditugun barazkien zati asko guztiz jangarriak (eta oso goxoak gainera!) direla azaltzeko ohiturarekin jarraitzeko, gaurko artikuluan, duela aste batzuetatik Tolosako Azokan aurki ditzakezuen babei buruz arituko gara.

Larunbat goizean Tolosako Azokara gerturatu ezkero, erraza da lekan hazten diren lekaleak aurkitzea. Ilarrak, babarrunak, babak… arrakasta handikoak eta gure egunerokotasunean kontsumitzen ditugun produktuak hirurak, baina, zer egin leka horiekin, barneko haziak kendu ostean?

Azaroan landatutako baba landareak otsaila inguruan loretzen dira, eta bertatik jaiotzen dira baba lekak. Azokan erositako baba freskoak hartu eta ondo fijatuz gero, leka askok lorearen arrastoa mantentzen dutela ikusiko duzue: behin baino gehiagotan aipatu dugun modura, fruituak lorea behar du aurretik. 

Babarena, baba-lorea. Barazki honen izenarekin hitz-joko eta esaera mordoa ere, baditugu. Aspalditik ezagutzen ditugu babak; lehen etxean ia egunero jaten zirela entzungo zenien aiton-amonei, ziur.

Ohikoena leka barruan datorren baba jatea izaten da, bai berdea -edo freskoa- dagoenean, baita lehortuta ere. Orain azokan topatuko duguna baba handia da (baratzean ereiten da, beste baba txikiagoak sorokoak dira), gehienbat lehortu aurretik jaten dena. Normalena leka horiek zakarretara botatzea da askorentzat, balio gutxiko hondakintzat hartzen baitira, baina produktu jangarri eta zaporetsua dira, eta nutriente ugari dituzte gainera!

Babak lekatik atera ondoren lekak hainbat eratara kozinatu daitezke. Kontuan izan beharreko gauza bakarra saihetsetako hariak kentzea da, gogorrak baitira eta jaterako orduan desatseginak izan daitezke. Hari horiek kendutakoan, zatitu, uretan egosi eta hainbat eratara prestatu daitezke, horien artean:

  • Patatekin egosita, lekak bezala prestatuta.
  • Tortillan, baratxuri freskoak balira bezala.
  • Irineztatuta eta frijituta, era honetara oso kraskatsuak geratzen dira.
  • Tipularekin frijituta.

Baben lekak janez, dirua aurreztu (baben guztirako pisuaren erdia baina gehiago osatzen dute), eta hondakinak sortzea saihesten dugu gainera. Zer gehiago nahi dugu?

💡 Baratzan babak badituzu:

Lekadun hauek, guztiek bezala, aireko nitrogenoa hartu eta lurreratu egiten dute; beraz, ez du ongarririk behar. Behin baino gehiagotan biltzea komeni da, horrela, lore eta leka gehiago haziko dira. 

Lurra nitrogenoz utziko dunez, babak kendu ondoren hostoa aprobetxatuko zaion barazki bat jartzea gomendatzen da, nitrogeno hori aprobetxatu dezan – ez jarri behintzat beste lekadun bat segidan.