Azokan larunbatero ikusten dituzun bi gazte horiek, sukaldaritzan erreferente - Tolosako Azoka

Azokan larunbatero ikusten dituzun bi gazte horiek, sukaldaritzan erreferente

#Azoka lagunak
Tolosako AMA jatetxeko Gorka Ricok eta Javi Riverok Sukaldarien Errebelazio-Saria jaso dute Madrid Fusion kongresuan. Biak ala biak Azoka Lagunak komunitatearen parte dira: sentitzen eta praktikatzen duten filosofia da.

Oso ohikoa da larunbatero Gorka eta Javi Zerkausian topatzea, lehen orduan. Astez aste, jatetxeko produktu izarretako batzuk biltzen dituzte Azokan, kalitatea lehenetsiz eta garaiko elikagaiak aukeratuz beti.

Batzuetan ideiak argi izanda datoz; bestetan, aldiz, baratzeak emandakoaz galdezka. Horixe baita beren lanaren gakoa: lurra landu eta ondoren sukaldean prestatzen duten hori ekoizten duten ekoizleen gomendioak jarraitzea. Horrelakoa izaten da larunbat goiza AMAko sukaldari gazteentzat: “gure eguna kafe batekin hasten da, eta zer topatzea espero dugun komentatzen dugu, zer erosi eta ondoren zer kozinatu pentsatzeko. Planifikatzen saiatzen gara, elikagaiak ere ez sobratzeko”.

Ondoren, larunbatero bisitatzen dituzten – eta harreman estuena duten – azokagileak bisitatzen dituzte; hala nola Kaxi eta Ana, Elduaingo Eneko Imaz, eta Aritzetako Zuhaitz: “euren baratzak jarraitzen ditugu, eta horregatik konfiantza hori. Beste postu guztietatik ere ematen dugu buelta, izan ere, ez dakizu non topatuko duzun sorpresa”.

Hala ere, garrantzitsuena ekoizlearekin elkarrizketa izatea da beraientzat; Azoka gastronomia eta eskualdea batzen dituen plaza izanik, garrantzitsuena harremanak baitira. “Gure lanik zailena beren lana ez hondatzea da. Gure lurra eta gure pertsonak maite ditugu”, aitortu zuten bi sukaldari billabonatarrek saria jasotzean. 

Gastronomia jasangarri baten alde

Sariaz harago, ideia hori bera oso argi izan dute proiektu honen hastapenetik: “Kalitatezko gastronomia, transmisioa eta berrikuntza uztartu nahi genituen. Hori guztia egiatik, filosofia batean sinetsiz eta gardentasun osoz aplikatuz. Eta benetako sukaldaritza hori benetako pertsonekin egiten da. Gure eredua baserrietan, azoketan eta komertzio txikietan hasten da, gastronomia jasangarria bultzatu nahi dugulako, bai sozialki, baita ekonomikoki ere. Eta hori guztiontzat mesedegarria da”, azaldu dute.

Gorka Rico eta Javi Rivero, gainera, Tolosako Azokaren enbaxadore ere badira, gure herriaren eta ekoizleen erakusleiho bat. “Zaindu egin nahi ditugu, haien lanari balioa eman eta lan horren inguruan herritarrak kontzientziatu”.

Javik berak, saria jaso bezain pronto, Azokan bisitatzen dituen ekoizleei deitu zien, albistea lehen pertsonan emateko.

Baina beren ogibidetik harago, beren etxeetako egunerokotasunean sukaldatzeko modu bera praktikatzen dute: “Javi pertsonala eta Gorka pertsonala ere Azoka Lagunak gara. Horrela pentsatzen dugu, eta horrela bizi gara, AMA Jatetxeko lanaz gain”, diote.

Gorkak eta Javik hunkituta eta irribarrea galdu gabe jaso zuten saria. Eta harrotasun osoz partekatzen dugu sendimendu hori. Talde osoa zoriontzea eta eskertzea besterik ez zaigu falta, egindako lanagatik eta leialtasunagatik. Eta, nola ez, hori posible egiten duten ekoizleei ere bai. Eskerrik asko denoi!

Ah, ahaztu gabe. Albiste hori ospatzeko, bi lagunentzako AMA Jatetxeko dastatze-menu bat zozkatuko dugu, gure Instagrameko profilean parte hartzen duten pertsona guztien artean.

👇🏼 PARTE HARTU HEMEN 👇🏼