Azokako posturik koloretsuenetakoa jartzen du Mikel Lasak, produktu desberdin ugari izaten baititu. Ia genero guztia Euskal Herriko puntu desberdinetatik ekartzen du, eta garaia iristean, Espainia ingurutik ekartzen ditu perretxikoak. Horrez gain, badute beraiek ondutako gazta ere. Ahal den produktu desberdin gehien izatea gustatzen zaio, betiere bezeroak eskatzen duenaren arabera. Mikelen gurasoak hasi ziren azokan, aurrena familiako artzainen gaztak saltzen eta gero salerosketan. Bera 6 urterekin hasi zen etortzen Tolosara, “laguntzera edo molestatzera”. Dendetan saltzen aritzeko aukera izan arren, azoketan jarraitzea erabaki zuten eta astean bost egiten dituzte.