Etorkizuneko azokaren oinarriak eraikitzen ari gara. Ekoizleen, saltzaileen, bezeroaren, elkarteen eta azoka ekosistema osatzen duten beste eragilen beharretara moldatzen. Horregatik, kolore pixka bat gehitu nahi izan diegu gure azoka osatzen duten plaza guztiei mantel berriekin: barazki, perretxiku eta fruituek kontraste polita egiten dute orain! Ea zer iruditzen zaizun zuri:
Hau ez da berrikuntza bakarra!
Ziur zuetako asko zuzenean azokagile berarengana joaten zaretela larunbatero, zuen guraso nahiz aitona-amonen ohiturari jarraitzeko helburuz, edo produktua gustatzen zaizuelako. Bazaudete beste asko, bilatzen ari zareten produktuaren arabera mahai guztietatik pasa eta aukeraketa egiten duzuenak. Zuek guztiontzat, azokagileen direktorioa prestatu dugu estreinakoz aurkezten dizuegun webgune honetan: egin klik hemen ikusteko.
Bertan, plaza guztietako mapak topatuko dituzue: nor dagoen non, zein den bere historia, zein produktu ekartzen dituen, eta bildu ahal izan ditugun hainbat anekdota. Kontuan izan beharra dago azoka ezberdina dela larunbatero: garaiaren arabera maiztasun ezberdinarekin etortzen dira azokagileak, eta, gehiago edo gutxiago betetzen dute mahaia!
Azokagileak ezagutzeko modu berri bat aurkeztu nahi dizuegu honekin. Azokagile bakoitzaren mahaian ere, bere profilera bideratuko zaituen QR kode bat topatuko duzu. Hala ere: badakizu zer den hoberena? Gerturatu eta eurei galdetzea zer duten, zer gomendatzen dizuten, eta nola kozinatu daitekeen. Azokak eskaintzen duen politena hori baita, postuaren barneko eta kanpokoaren arteko harremana!
Beraz badakizu, pantaila hauek suposatzen duten hortzimuga birtuala igaro eta zatoz larunbatero gu bisitatzera 🥰