Azoka egun bat Aintzane Artolarekin - Tolosako Azoka

Azoka egun bat Aintzane Artolarekin

#Azoka lagunak
Joan den larunbatean Aintzane Artola tolosarrarekin bertaratu ginen azokara. Ikusi zein diren inoiz bere poltsan falta ez diren garaiko produktuak!

Txikitatik larunbateroko plana izan da Aintzanerentzat azokara joate hori, familiako ohiturari jarraiki. Ziur noizbait bere errezetaren bat kozinatu izan duzula; izan ere, Tolosaldeko Atarian argitaratzen ditu tarteka. Sekretu modura, produktu bakoitza azokako zein ekoizleri erosten dion aitortu digu, baita azokatik pasa ondoren mokadutxoa non egiten duen ere! Jarraitu irakurtzen Aintzaneren larunbatak ezagutzeko 😀

  • Nondik -edo norengandik- datorkizu Tolosako Azokara hurbiltzeko ohitura?

Nire gurasoak betidanik joan izan dira azokara, eta noski, gu beraiekin. Etxean larunbateroko plana zen. Gurasoekin ikasi dut nik azokan erosten. Nere amona ere garai batean azokara jeisten zen baserriko produktuak saltzera; beraz, ohitura izan da beti etxean baserritarren produktuak errespetatuz erostea. Ekoizleak ezagutu eta garaian garaikoa erostea.

  • Zer da Tolosako Azokatik gehien erakartzen zaituena?

Gertutasuna, produktu ona salduko dizutela ziurtzat ematea, produktuen freskotasuna. Azkenean ekoizleak ezagutu egiten zaitu, eta berak esfortzu handiz lortu duen produktua saldu nahi dizu, badakielako ona dela! Gomendioak jaso eta emateko lekua ere bada azoka, eta barazki berriak probatzeko bultzada ematen dizu ekoizleak. Supermerkatuan inork ez du hori egiten. Inork ez dizu esango “probatu barazki hau, horrela kozinatu, eta esango didazu ea gustatu zaizun”.

  • Zer ez da inoiz falta zure erosketetarako Azoka Lagunen poltsan?

Normalean ibilbide berdina egiten dugu: Zuhaitzen postutik (Aritzeta Barazkiak) tipula, patatak, azenarioak eta garaian garaiko produktuak erosten ditugu. Mapiri, (Barazki Bizidunak) bertako produktuez gain kanpotik ekartzen dituen beste barazki ekologikoak hartzen dizkiogu. Mahalako postuan berriz, umeei hainbeste gustatzen zaizkien arroz esne eta natillak. Eta azkenik Gregorio Balerdiri arrautzak eta gazta.

  • Garaiko produktu bakarra aukeratu ahal izango bazenu, zein izango litzateke?

Zalantzarik gabe, ilarrak! Tipula pixka bat eta arrautza batekin primerako platera! Desiatzen egoten naiz garaia noiz iritsiko!

  • Zein da zure plana larunbat goizetan?

Lasai gosaldu, presarik gabe, jantzi, erosketa poltsak hartu eta kalera. Azokatik pasatzen gara erosketak eginez, eta gehienetan gurasoekin bertan topatzen naizenez, tragoxka bat hartzera joan ohi gara elkarrekin.

  • Aukeratu taberna eta pintxo bat (edo plan bat), azoka bisitatu ondoren zuretzat ezinbestekoa dena.

Normalean Ikatza tabernara joaten ginen azokatik buelta egin ondoren, txipi batzuk jatera, baino itxi egin dutenetik Fronton-era joaten gara kroketa goxoak dituztelako. Jendearen joan etorria ikusiz egoten gara, bazkal ordua iritsi bitarte.

  • Emango diguzu zure gustoko produktu baten errezeta?

Ataria irratirako errezetak kozinatu eta erredaktatzen ditut, bi astetik behin, eta bertan azokan erositako hainbat produktuen errezetak daude. Hemen klik eginda ikusiko duzue, adibidez, garaiko Ilarrak seitanarekin nola prestatu.

  • Zer esango zenioke inguruko jendeari Tolosako Azokara etor daitezen?

Festa giroa dago larunbatero azokan. Azaldu daitezela gauza goxoak erostera, merezi du bertako produktuak erostea, hemengo ekonomiari bultzada eman eta etxera, poltsa produktu hoberenekin beteta itzultzea. Bizitzako plazer txiki bat niretzat!